Garmendia, Maneros Zabala, Salaberria. Prozesua eta metodoa

2013eko urriak 31 – 2014eko otsailak 16

Ba al zenekien… ?

Ba al zenekien… erakusketa honetako gune didaktikora hurbilduz gero artista bakoitzaren lan-prozesua eta erakusketaren funtsezko gaiak, hots, "historia", "prozesua" eta "bereganatzea", ezagutzeko aukera izango duzula?

Jarraian, erakusketaren harira Iñaki Garmendiari (Ordizia, 1972), Erlea Maneros Zabalari (Bilbo, 1977) edo Xabier Salaberriari (Donostia, 1969) egindako elkarrizketetan gai horiei buruz esandakoak daude.

 

"[…] Nire lanean, "argazki dokumentu" guztiak manipulatzen ditut; ez diot begirunerik irudikapen objektiboaren ideiarekiko. […]

Azkenean, bereziki fenomeno honi dagokion dokumentazioa, hau da, hilabete horretan Los Angelesko panelei buruz egindako kronika, pixkanaka garatzen ari zen nazioarteko krisi ekonomikoaren gaineko gure pertzepzioaren alegoria bilakatu zen. Krisi ekonomikoaren garrantzia sistematikoki eta orokorrean ukatu egiten zen; ukatze horrek beste zerbait handiagoa islatzen zuen: merkatu librearen autoerregulazioaren eta sistema kapitalista neoliberalaren oinarrizko hutsegiteak aitortzeko gaitasunik eza. Horrek zalantzan jarri zuen sistema hori etengabe hedatzen ari den ekonomiari eusteko egokia den ala ez."

Erlea Maneros-Zabala
Renaud Prochek egindako elkarrizketaren zatia


"Nire lanei buruz hitz egiterakoan, bikote eta taldeen bideoen eta nik ‘laborategi’ko bideoak deitzen ditudanen tipologiak baliatzea atsegin dut. Jendea inplikatzen dudanean, ezin dut inprobisatu, ez eta nire burua eramaten utzi ere, beste hainbat kasutan egin bezala; hau da, nik neuk ekintza erabaki, zuzendu eta, kasu gehienetan, grabatzen dudanez, filmatzeko plan bat behar dut. […]

Laborategiko bideoetan ez dut grabazio errepertorio oso itxia jarraitzen; ekintza objektuarekiko erreakzio enpatikoaren ondorioz sortzen da kasu horietan, eta logika autoerreferentzialari jarraitzen dio, grabazioaren objektua eta subjektua entitate bakar batean elkartzen baitira.

Hau guztia aintzat hartuta, gauzen azaletik haratago ez dago metaforarik egiterik."

Iñaki Garmendia
Leire Vergara egindako elkarrizketaren zatia

 

"Historia monumentuen, erakusketen, eta abarren bidez ere kontatu zitekeela uste dut. Zerbait egiteko aitzakia gisa baliagarriak zaizkidan erreferentziak erabiltzen ditut. Egoera zehatz bati aplikatuta, buruan dudan ideia abstraktu bat gauzatzen saiatzen naiz. Testuingurua eta lekua aintzat hartzen ditut. Erreferentzia kulturalen eta asoziazio subjektiboen ondorioz, material horiek bertsio desitxuratu bilakatzen dira, eta diziplina-ordenak ordezkatzea eragiten dute.

Lana garatzeko prozesuan barrena, atsegin dut uneren batean prozesua iraultzea. Gauzak sekula ez dira hasieran bezala geratzen. Ustekabeko egoerak sortzeko bideak irekitzen dira. Ez dut ibilitakoan atzera egiten: ibilbidea alderantziz egiteak kontzientzia hartzea eta beste aukera batzuk sortzea ahalbidetzen dizu.

Esan daiteke ezagutzen ez dudan arrazoi bat dela medio nire buruan atxikita dagoen eskema bat gauzatzea dela. Pentsatzen dut oroimenarekin eta haren interpretatzeko mekanismoekin zerikusia izango duela, esperientziekin eta ahultasunekin... Bai, diozun moduan, modu grafikoan egiten dut, ez ikuspuntu historiko zehatz bat abiapuntu gisa hartuta."

Xabier Salaberria
Lars Bang Larsen egindako elkarrizketaren zatia

 

×